miércoles, 17 de octubre de 2007

Telebistaren indarra

Telebistaren menpe

Aspek eta Asegarcek asteburuko jaialdien ordua eta antolaketa aldatu dituzte, 1 Formulako Brasilgo Sari Nagusiarekin bat ez egiteko; aldaketak ETB eta Tele5 telebista kateek inposatu dituzte.

imanol magro

Iruñea

Botere katodikoa da. Telebistako mandoaren tirania. Sosa jartzen duenak agintzen du. Beste behin. Telebistak agindu eta enpresek men. Berdin dio zer aldatu behar den, ordutegia, pilotalekua, jaialdiaren antolaketa... enpresek men. Irudi eskubideak, publizitatea eta audientziak dira negozioa. Ezin kosk egin jaten ematen duen eskuari. Asteburu honetan, beste behin, Aspek eta Asegarcek euren jaialdien antolaketa aldatuko dute telebistaren aginduetara. Helburua: 1 Formularekin topo ez egitea.

Larunbateko jaialdia Labriten jokatuko da, eta ordubete geroago hasiko da (18:00etan). Lau t'erdiko Txapelketako partida, Gonzalez Kokaren aurka, berriz, 19:15erako dago iragarrita. Zergatia erraza da azaltzen, aurretik Brasilgo Sari Nagusiaren entrenamendu saioa emango dute telebistaz. Normalean, deskonexioa egiten dute, baina automobilismoarekin ez dago negoziatzerik. Pilotazalea pozik egon daiteke, partida telebistaz emango baitute gutxienez. Ez litzateke 1 Formularekin bat egiten duelako bertan behera gelditzen den aurreneko pilota emanaldia.

Larunbateko erabakia ulerterraza da, bi kirol emanaldiak kate berak emango dituelako, eta Tele5 ez delako etxekalte ariko. Igandean ere, baina, aldaketak egongo dira. Bengoetxea VI. aren eta Mikel Goñiren arteko partida jaialdiko aurrenekoa izango da (17:00etan), eta ETBk zuzenean emango du. Ondoren Binakako Munduko Zesta-punta Txapelketako finala emango dute. Bitxia da zesta-punta aldatu beharrean esku-huskako partida aurreratu izana. Helburua, Brasilgo Sari Nagusiarekin topo ez egitea.

Zesta-puntak baino ikus-entzule gehiago ditu esku-huskak. Aurreko igandean ikusle kuotaren %7 lortu zuen arratsaldeko Kirolez Kirol saioak. Halere, partida erakargarria izanez gero, kuota handitu egiten da, eta igandean komunikabideentzat erakargarriak diren bi pilotarik neurtuko dituzte indarrak. Ondorioz, ETBk zesta-punta finala sakrifikatuko du. Zesta-punta 1 Formularekin batera egongo da telebistan, 18:00ak aldera. 1 Formula jaun eta jabe da Hego Euskal Herrian, batez beste %40 eta %45aren arteko ikusle kuotarekin.

EZ DA AURRENEKO ALDIA. Asteburukoa ez da pilotak 1 Formularen aurka lehiatu behar izateagatik izan duen lehen ordutegi aldaketa. Maiatzeko bi larunbatetan ez zen pilotarik egon telebistan. Tele5k AEBetako eta Kanadako Sari Nagusietako entrenamendu saioak lehenetsi zituen orduan. Are gehiago, telebista falta zela eta, Manomanistako 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida kolokan egon zen.

Gonzalez eta Eugiren arteko partida maiatzaren 2an zen jokatzekoa, eta Tele5i zegokion zuzenean ematea. Gonzalezen lesioak, baina, astebetez atzerarazi zuen, maiatzaren 9ra arte, 1 Formularekin batera. Partidak ez zuen ikusmin handirik sortu, eta, Enpresen Ligako buruen iritziz, ez zuen zentzu handirik telebista gabe jokatzeak. Tele5k ETBren esku utzi zuen partida emateko aukera. Arazoa Eugiren eskuko minak konpondu zuen: partida bertan behera geratu zen.

Aurtengo udan ere egon da antzeko kasurik. Telebistak hainbat jaialdi klasikoren ordutegia aldarazi du. Aurrenekoa Lau t'erdiko San Fermin Torneoko finala izan zen, uztailaren 7an. Torneoaren finala goizean jokatu ohi da; aurten , ordea, gauean jokatu zen. Tele5k arratsaldean emateko jaialdi bat behar zuen; lau t'erdiko finala ematea, baina, ETBri zegokion. Arratsalde hartan, gainera, Nafarroako herri artekoaren finala jokatu zen Labriten. Ondorioz, Tele5k aukera bakarra zuen, jaialdia goizez jokatu, grabatu eta diferituan ematea. Lau t'erdiko torneoko finala ETBren esklusiba zenez, gauean jokatu behar izan zen. Andra Mari Zuriko Torneoan ere bitxikeria egon zen. Feriako lehen partida berezia, Titin-Mikel Goñi eta Olaizola anaien arteko desafioa, abuztuaren 4ko arratsaldean jokatu zen, Zeledonen jaitsierarekin batera.

ETB-K AGINTZEN DU. Gaur egun Euskal Telebistak agintzen du pilota emanaldiak aukeratzeko garaian. ETBk bi jaialdi ematen ditu astean eta enpresen ligarekin hitzarmena sinatua du. Akordioa otsailean berritu zuten, eta hiru urterako da. Akordioaren arabera, ETBk du partidak lehenbizi hautatzeko eskubidea, ligaxka bidezko finalerdietan jardunaldietakoren batean Tele5ri lehenbizi aukeratzen utzi badio ere. Era berean, final guztiak, torneo zein txapelketetakoak, emateko eskubidea du.

ETBk diruz erosi du bere eskubidea. Azken akordioan bi milioi euro inguru ordaindu baitzizkien enpresei, urtean 109 jaialdi ematearen truke -iaz 118 eman zituzten, 2005ean 120 eta 2003an 122-. Euskal Telebistak 6.000 euro pasa ordaintzen die enpresei telebistaz ematen duen jaialdi bakoitzarengatik. Tele5rekin duten akordioa desberdina da. Akordioa Bainet ekoiztetxeak kudeatzen du, Aspe eta Asegarceren irudi eskubideak kudeatzen dituen berdina. Tele5k ez du emankizunarengatik ordaintzen, baina pilota emateko tartea uzten du, publizitatearen kudeaketa Baineten esku utziz.




**Batzuetan eskertzen dugu telebistaren indarra, baino beste batzutan...

No hay comentarios: