
IMANOL MAGRO (berria.info)
Donostia
Arriskatzen duenak beti merezi du errespetua. Are gehiago bere buruarengan sinesten duelako arriskatzen duenean. Halako egoeratan, arriskatzen duenak heroi itxura hartzen du. Ausardia eta erokeria uztartuz. Porrot larririk ez da falta izaten, baina arrakasta besarkatzen badu poza erraz barreiatzen da. Pilotan antzerako kasua egon da, Abel Barriolarekin. Urte bakarreko kontratu bitxia sinatu zuela jakin zenean pilota zaleak haren alde jarri ziren. Denek zekiten asko zuela jokoan, eta atzokoa egun gozoa izan zen pilotarentzat. Leitzarrak azkenean merezitako kontratua lortu du, lau urterako, eta «oso gustura» dago akordio berriarekin.
Abel Barriolak 2012.urtera arteko akordioa sinatu du enpresarekin. Heldu den urteko martxora arte aurten sinaturiko kontratu bereziarekin jarraituko du, eta egungoa bukatzen denean sartuko da indarrean atzo adosturikoa. Pilotaria oso pozik ageri zen atzo kontratua sinatu berritan. «Pozik nago, eta asebetea. Bi aldeak berehala adostu gara, antzerako iritziak genituelako. Nire ilusioa Aspen jarraitzea zen».
Barriolak pilota mundua aho bete hortz utzi zuen iragan otsailean. Lau t'erdiko finalera iritsi berritan Aspek kontratua berritzeko eskaintza luzea egin zion. Eskaintzak ez zuen pilotaria asebete, gehiago merezi zezakeela uste zuen. Urte beterako akordioa sinatu zuen bakarrik, diru kopuru txikiago baten truke. Leitzarrak eskua ondo zuela erakutsi nahi zuen, eta puntara itzul zitekeela. Zintzo jokatu zuen, eta bere garaian garbi esan zuen bi aldentzat onena zela. Jendaurrean onartu zuen eskua ondo ez bazegoen ez ziola kalterik egin nahi enpresari.
Haren apustuak zeresan handia eman zuen. Ausarta izan zen. Segurtasuna utzi eta arriskatzea erabaki zuen. Buruz burukoan gora egin hala bere sena zuzen zebilela erakutsiz joan zen, finalera iritsi arte. Finala irabaztea falta izan zitzaion apustua borobiltzeko. Txapeldunorde izan berritan enpresa berarekin harremanetan jarri zen, baina ez zuten akordiorik itxi. Barriolak ez zion beldurrik udako partiden tratuari.
Udan binaka ere jokatu zezakeela erakutsi nahi zuen. Eskuaren hobekuntza ez zela buruz burukoaren kontua bakarrik. Azken hilabeteetan bikain jokatu du, halaber. Hiru hilabetetan hogeita hamar partidatik gora jokatu ditu. Torneoetan ere fin ibili da. Sanferminetan finalera iritsi zen, eta Donostia eta Logroñon trofeoa altxa zuen. Apustua ondo irten zaio eta lasai mintzo da erabakiaz. «Nire ahala erakutsi nahi nuen. Erabaki zaila zen, baina erantzukizuna nire esku zegoen bakarrik. Udan binaka jokatu dezakedala erakutsi dut eta enpresak konfiantza jarri du nigan. Dena den, gauzak gaizki irten balira ere ez nintzateke hartutako erabakiaz damutuko».
Leitzarra lasaitu da. Kitatu du kontratu berritzearen afera. Orain lau t'erdikoa prestatzen hasiko da buru belarri. Lan fisikoa hasi du, baina pilotaleku saioak falta zaizkio. Orain arte bakarra egin du, iragan astean, Donostian. Halere ez du larritzeko arrazoirik, zerrenda burua denez, oraindik hilabete falta zaio lehian hasteko
Hainbeste denbora ez duena Aitor Zubieta da. Etxarrikoak atzo hasi zuen pilotaleku lan serioa. Prestaketa laburra egin du eta sasoiona izango da bere arma larunbateko partidarako. Atzo, Asier Berasaluzerekin egin zuen lan saioa eta gustura gelditu zen.
«Gauzak gaizki irten balira ere, ez nintzateke damutuko otsailean hartutako erabakiaz»
abel barriola
aspeko atzelaria
**Zorionak Abel! Bazenekien zuk jakin hura ez zela zure maila, ez jokoan ez kontratorako eskaintzen zizutena. Orain lau urte hauek aprobetxatu eta... Egurra!!
2 comentarios:
Zorionak Abel!! pilo pilo pilo pozten naiz!!! Merezi zenuen!!! Orain lau urte hauek lasaitasunez hartu, eta... aurrera!!
Como me alegro que le haya salido bien la jugada de no aceptar anteriormente un contrato a la baja.
Ahora a por alguna txapela Abel!!!!!!!!!
Publicar un comentario